Baionan Kantuz © Baionan kantuz 

Kultura, Musika

Urteko lehen Baionan Kantuz

Iragan urteko azkenaren ondotik horra 2026eko lehen Baionan Kantuz, hau ere ez huts egitekoa, hastapenetik untsa hasteko kantuz ederragoa izanen den urtea

Data honetan argitaratua

Aurten, urtarrila aberatsa dugu bere bost larunbatekin, bainan ez gaiten engana, beti bezala, Baionan Kantuz laugarrenean da. Ondorioz, aurtengo lehen Baionan Kantuz, heldu den urtarrilaren 24an iraganen da, 11:00etan Euskal Museoan. Euria balitz, Albert 1er eskolan.

Programa erakaspen, indar eta airostasunez betea izanen dugu, 2026 huntan biziko ditugun memento azkarrak gogoan, adibidez Korrika, Imanolek xaramelatu « Lau haizetara » kantuarekin, Euskal Herriko hiri nagusietan gaindi ibil araziko gaituenak, Bilbon bere biraren bukatzeko, Korrikak bezala. Beste kantuen artean aipatzen ahal ditugu « Urtxintxak » haur kantua bakarrik ez den Manex Pagolarena edo Guk-en « Haizea », libertatearen aldeko oihua, hain kario ordaintzen dena munduko leku ainitzetan. Programa osoa  www.baionan-kantuz.eus eta www.facebook/baionan-kantuz guneetan zintzilikatua aurkitzen ahal da jadanik.